Istorio hau arraroa irudituko zaizue, baina imajinazio pixka bat erabilita oso gustokoa izango duzue.

Lehenik eta behin, istorioaren hasierako kokapena pentsatu nuen, eta berehala munduko beste puntan dagoen irla bat bururatu zitzaidan.

“Australian pasatu nituen bi opor asteak bukatzear zeuden, hegazkina hartzekotan nenbilen eta produktu harrigarri bat ikusi nuen Canberrako kaleko denda batean.”

Momentu horretan leku horretako animalia bitxi bat etorri zitzaidan burura.

“Ornitorrinko arrautzak zirela esan zidan dendariak, irribarre maltzurra airera botata. Birritan pentsatu gabe erosi nituen eta aireportura bidean jarri nintzen.”

Pentsatu nuen bidaiaren presentazioa egitea egokia litzatekeela, eta horrela egin nuen.

“Eskalarik gabeko hegaldia zen, 12 ordukoa gutxi gora-behera, eta etxera gauerako ailegatzea espero nuen, erosi berriak nituen arrautzez egindako tortila patata goxoa jateko. Etxera oso nekatuta ailegatu nintzen eta esandako tortila egin nuen, baina dastatzerakoan ez zitzaidan gustatu…”

Orduan beste pertsonaia arraro bat sartzea pentsatu nuen

“… eta etxean nuen haritz bonsaiari bota nion ongarri gisa. Lotara joan nintzen gosea kenduta eta loak laster harrapatu ninduen.”

Inspiratuta nenbilela, istorioari ustekabeko bira bat ematea bururatu zitzaidan.

“Esnatu nintzenean, sukaldera joan eta harritu egin nintzen: bonsaia erraldoi bihurtu zen eta sukalde osoa betetzen zuen! Nire lehenengo erreakzioa adarrak inaustea izan zen, eta horrela arazoa konpondu
nuen”

Momentura arte, beharrezko ziren bi hitz sarturik nituen, baina beste bat behar nuen: aulkia. Baina ideia bat izan nuen.

“Ondoren, sukaldea errautsez eta egur oholez beterik zegoen. Hau guztia erabiltzeko, behar nuen aulkia egitea pentsatu nuen eta horrela izan zen.”

Istorioa irakurri egin nuen, baina oso normala iruditu zitzaidanez miresgarritasun pixka bat sartzea ondo legokeela pentsatu nuen.

“Aulki horretan esertzean, hegan egiten hasi nintzen eta ibilbidea oinen puntekin zuzentzen nuen, baina ehiztari bat tiroka hasi zitzaidan eta hil egin nintzen”

Momentuan bertan konturatu nintzen istorioa txarto bukatzen zela, eta filmetako ohiko amaiera bat etorri zitzaidan burura.

“Bat-batean, hegazkinean esnatu egin nintzen, eta erosi nituen arrautzak ornitorrinko haztegia egiteko erabiltzea erabaki nuen.”